Hizkuntza Normalkuntza

Ikasturte honetan ere, aurrekoetan bezala, Hizkuntza Normalkuntzarako Proiektuaren helburua ikasleen euskararen erabilera lantzea eta erabileraren aldeko lan-dinamika lortzea izango da.

Helburua lortzera bidean, hainbat ekimen burutzen ditugu, hala nola:

  • KALAKA Irratiko lanak aipamen berezia merezi du. Irratiak gure ikastetxean ibilbide luze eta oparoa izan du eta lan honi jarraipena ematea gure lehentasunen artean egoten da beti. Egitasmo honen barnean “Kalaka irratia” izeneko youtube kanala sortua da, eta bertan ikastetxean egindako jardueren berri ematen da.
  • Edozein Literatur Lehiaketatan (aurtengo Lezoko Orribakar, kasu) aurkeztutako ikasleen lanik hoberenak “Hezikuntza”, ikastetxeko aldizkarian argitaratzen dira eta baita blog-ean jarri ere.
  • Kantagintza eta dantza saioak antolatzen dira. Urtero bezala, 3.mailako ikasleek Zuberoako dantzak ezagutzeko aukera izaten dute. Kantagintza sustatzea, batez ere, Musikako irakaslearen lana izaten da. Ikasitako abesti eta bertsoak, Zuberoako irteeran, San Tomas Eguneko ekitaldian, Eskolako jaian,... abesten dira.
  • Bertsogintzak beti izan du tartea gure institutuan. Eskolako jaia momentu egokia izaten da gelan landutakoa plazaratzerako garaian.
  • Gure ikasleek eskualdeko Kuadrillategi ekimenean parte hartzen dute.
  • Jolasgaraian, zenbait ikasleekin Mintza-txokoa sortu da aurten. Helburua egunerokotasunak dakarren hainbat gai jorratzean datza.
  • Euskararen Eguna ere ospatzen dugu. Ikasleak euskarara lotu nahi ditugu, egun honetan protagonista izaki.
  • Gabon aurreko saioan, antzezlanak, postalen irakurketa eta kanta eta dantzen erakusketa egiten da, urtero bezala.
  • Inauteri jaialdian ere, ohi bezala, esku hartzen dugu. Beheko eskolarekin batera egiten dugu; herrian zehar konpartsak lagunduriko desfilea izaten da eta bukatzeko kiroldegian jaialdia.