Agenda 21

Lezo Institutuan 2008-2009 ikasturtean Agenda 21aren ibilbideari ekin genion. Urte hauetan zenbait gai jorratu ditugu gure zentroan, hala nola, ura, hondakinak, kontsumo arduratsua, elikadura jasangarria, … Aurtengo 2017-2018 ikasturtean ZARATA izango dugu aztergai. Gure ekintzen berri izan nahi baduzu, gure blog-ean aurkituko dituzu.

Baina, zer da Agenda 21 Proiektua? Hurrengo lerroetan programa honen nondik norakoak laburki azaltzen dira. 

ZER DA?

Ikastetxearen jasangarritasunerako eta kalitaterako hezkuntza-programa bat da. Komunitatearen partaidetzan oinarritzen da, eta udalerriko garapen jasangarrian esku hartu eta laguntzen du. Ingurumen-hezkuntza programa bat denez, ingurumen-arazoen konponbidean parte hartzeko ezaguera, gaitasuna, jarrera, motibazioa eta konpromisoa garatzea da haren xede nagusia.

Bere ezaugarri garrantzizkoenak hauexek dira:

  • Bi eremu lantzen ditu, eskola bera eta udalerria edo eskualdea.
  • Hezkuntza-komunitatearen partaidetza du ardatz eta oinarri, eta ikasleen protagonismoa bilatzen du.
  • Kudeaketa arduratsu eta jasangarria sustatzen du, bai ikastetxean, bai udalerrian ere, baliabideak, erabilitako materialak, energia eta hondakinak modu egokian baliatzeko.
  • Curriculum-berrikuntza eragiten du, hezkuntza-helburuen hausnarketa bultzatuz eta ingurune hurbileko edukiak landuz.

   

 

 

 

 

ZERTARAKO DA?

Proiektu hau eskolaren iraunkortasuna eta kalitatea garatzeko eta sustatzeko eta udalaren garapen iraunkorrean laguntzeko burutzen da. Horregatik EA21 programarekin helburu hauek lortu nahi dira ikastetxeetan:

  • Hezkuntza-komunitatean tokiko zein planetako ingurumenaren egoeraz sentsibilizatzea.
  • Ikastetxe eta udalerriko ingurumen-arazoak identifikatzea eta iraunkortasuna lortzeko prozesuak abiatzea. • Ikasleei beren ikasketetan, eskolan eta udalerriaren bizitzan protagonismoa ematea.
  • Udalerriko eskolen arteko laguntza bultzatzea.

ZEREN INGURUAN LANTZEN DA? 

Eskolako Agenda 21 gai edo arazo baten inguruan garatzen da, eta, horretarako, programaren helburuak ditu oinarri eta erreferentzia. Jasangarritasuna oso kontzeptu zabala da, eta gai ugari hartzen ditu bere barnean. Guztiak dira baliagarriak programa garatzeko. Horien artean hauexek aipa daitezke: biodibertsitatea, klima-aldaketa, hondakinak, kontsumo-ohiturak, garraioa eta mugikortasuna... 

Gaiaren garapena hiru ardatz edo esparru hauen inguruan egiten da:

  • Hezkuntza-komunitatearen partaidetza.
  • Kudeaketa jasangarria.
  • Eskolako curriculum-berrikuntza.

 

NORENTZAT? 

Hezkuntza-komunitate osoari zuzentzen zaio:

  • Irakasleak dira programaren dinamizatzaileak eta curriculumaren egokitzapenaren arduradun nagusiak.
  • Ikasleak benetako protagonistak dira eta erabaki-prozesuetan parte aktiboa izateko aukera dute. Ingurumen-arazo errealak aztertzen dituzte eta iraunkortasunaren aldetik hobetzeko konpromisoak hartzeaz gain, proposamenak egin eta Eskolan Udal Foroetan aurkezten dituzte.
  • Familiek parte aktiboa dute ikastetxean, antolamenduan eta jardueretan arituz eta etxean eredu arduratsuak eskainiz.
  • Langile ez-irakasleek programaren antolamenduan, ingurumen-arazoen diagnostikoan eta kudeaketan parte hartzen dute.